XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MIKONETARRAK

Mikonek bi bizitza izan ditu menderen mendetan.

Galdurrez ezkerrekoa: Mikonea Bordatxuri, izenari ohore eginez, txuriz ageri dena; eta eskuinekoa: Mikonea Serora.

Azkeneko honetako ahozko usarioa azalduko zaizu sail honetan.

Hizketarako, bertso kontuetarako, pasadizo eta zelebrekeriak berritzeko, eta arrazoi zorrotzak edo umorekoak usu emateko, trebetasun eta grazia berezia izan dute Mikonetarrek.

Izanez ere, bi aldetatik zetorkien usarioa jaso baitzuten sukalde berean Kanflankatarrek.

Alde batetik, amaren aldeko amona Mikela Elizegi, Pello Errotaren alaba zuten; eta beste aldetik, aitaren aldeko amona Loentxa Alduntzin, gutxienez 1870az geroztik, Mikonen bertan ahozko usario aberatsa ereindakoa.

Horra nola izaten diren kontuak: bi amona xoragarri haiek dohai berbera zizuten: oroimen argiko hiztun trebeak izatea; eta dohai harixe zor zien, bien ala biak, txintxarri izengoitia.

Pentsatu besterik ez, orduan, bi amonen usarioak batean bildu zituen Mikoneko sukaldea zernolako altxor bihurtuko zen.

Mundu guziak dakien gauza da, baina oraindik gaizki igoal idurituko zaio norbaiti txintxerri kontu hori berritzea.

Ez genuke besterik behar: Euskalerriak eman duen bertsolari kastarik haundienaren etorria, bertakoarekin nahastuz, izengoiti horri Mikonetarrek eutsi izana, ohore haundiz hartu ordez gaizki hartzea!

Ez baldinbetan, batere gizatasunik eta umorerik baduenak! Alde guzietara baita hori ondragarri.

Gaur gaur bezala ere, zenbat hiztun traketsek ez genuke nahiko izan izengoiti xarmagarri horren jabe? Nik behintzat pozik hartuko nuke, Mikonetarrak bezain arin eta dotore mihia erabiltzen jakite aldera.

Horregatik diot: hizketan ere kasik ahaztu zaigun aldi honetan, zinez poztekoa dela oraindik nor edo nor izengoiti horren dina izatea.

Izan ere, izengoiti hori galtzeak, euskara biziaren grazia bera galdu egin dela adieraziko bailuke.

Nere beldurra besterik litzake: izanik gabeko izengoiti huts bihurtuko ez ote den laixter.

Hartara bai, gaizki hartzekoa litzakela.

1. Pello Errotatarren kastakoak Leitzen.

Leitzan bertakoa ondoreko utziz, aurrena Asteasu aldetik etxekotu zuten usarioa azalduko dizut.

Eta deus esan baino lehen, hara zer dioen Pello Errotaren alaba Mikela Elizegik bere senidetaz ari dela (...)